RTVE Institutua
RTVE Institutua (RTVEin) ikus-entzunezko sektorean espezializatutako prestakuntza-plataforma globala da, aurrez aurrekoa eta “online” erakoa. Gaur egun, irudi eta soinuaren lanbide-arloko goi graduko lau ziklo, ikastaro monografiko espezializatuak eta ikus-entzunezko sektoreari zuzendutako masterrak (horietan hainbat unibertsitate publikok parte hartzen dute) osatutako prestakuntza-eskaintza egiten du.
Gainera, askotariko prestakuntza ematen die komunikazio-arloan enpresa eta erakundeei. RTVE Institutuko baliabide teknologikoak eta irakasle-talde gehiena RTVE Korporazioko profesionalek osatzen dute, esperientzia akademiko eta profesional handikoek, eta horiek bere bermerik onena eta izenaren ezaugarri dira.
50 urtetik gora profesionalak prestatzen
RTVE Institutua sortu zen teknikariak nahiz ekoizpen eta errealizazioko langileak prestatzeko zegoen beharretik, telebistaren lehen urteetan teknologiak erabat ezezagunak baitziren Espainian. Hasiera hartan, RTVEko langileak irakasleak eta ikasleak ziren aldi berean, eta langileekin partekatzen zituzten eguneroko esperientziak.
Ekimen horren ondoren, laster hasi ziren ezagutza hori guztia formalizatzen eta jasotzen 1964. urtean ematen hasi ziren ikastaro txiki batzuetan. Horrela, RTVEko Prestakuntza Zerbitzua sortu zen; errealizazioko ikastaro laburtuak, gidoi-teknikei eta kudeaketa administratiboari buruzko hitzaldiak eta telebistarekin loturiko gaien inguruko mintegiak egiten hasi ziren.
1967. urtean, Irrati eta Telebistaren Eskola Ofiziala sortu zen, eta urte bereko azaroaren 12an behin betiko kokatu ziren eraikina inauguratu zuten, nahiz eta lehen ikasleak 1968ko martxoan iritsi ziren. Sorrerako dekretuak adierazten du lanbide-trebakuntzarako beharrezkoak diren irakaskuntzak emateko nahiz irratigintzaren eta telebistaren aurrerapen teknikoa, artistikoa, kulturala eta hezkuntza-arlokoa sustatzeko eginkizuna duela.
1975ean, Eskolak RTVE Institutua izena hartu zuen. Instalazioak Dehesa de la Villan egon dira beti, Madrilgo Unibertsitate Hirian. Leku horretan egon dira ikus-entzunezko munduarekin loturiko hainbat erakunde; hala nola, Zinematografiako Eskola Ofiziala eta Filmoteka Nazionala. 2023an, prestakuntzako plataforma global batera jauzi eginda, RTVE Institutua (RTVEin)izena hartu du.